"Aprendimos a creer en nosotros mismos y eso nos dio fuerza"

Lehen taldeko kapitainak orain arteko denboraldia baloratzen du eta honela definitzen du taldea: «Indartsu, motibatuta eta lanerako prest»Enara Alfonso Ereintzako jokalaria eta kapitaina

Iker Castaño-Errenteria.

Jueves, 9 de marzo 2023, 21:08 |

Enara Alfonso, lehen taldeko kapitaina, Galtzarabordako kantxan. I. CASTAÑO

Enara Alfonso Ibarguren (Errenteria, 1997) hamabi urterekin hasi zen Ereintza eskubaloi taldean eta geroztik 13 urte pasatu dira. Bizitza erdia darama Galtzarabordan jokatzen. Lehen taldean 18 urterekin sartu zen eta azken sei urteak kapitain gisa daramatza.

–Laburbilduz, nola dago taldea?

–Taldea indartsu dago, ilusioz, irrikaz eta oso pozik. Bizitzen ari garenarekin oso pozik gaude, egiten ari garen lanarekin eta lortzen ari garen helburuekin harro dago taldea. Hasi dugun bide horri eusteko gogoz ikusten dut, lanerako gogotsu eta ilusioz, motibatuta eta egiten ari garenaz disfrutatzen.

about:blank

IBILBIDEA«Azken hiru urteak daramatzagu norabide berean eta esfortzuen saria jasotzen ari gara»

–Lehen faseari bost partida geratzen zaizkio eta lehenak zaudete. Presioa edo motibazioa dakar horrek?

–Presiorik ez dugu, ez gure artean, ez entrenatzaileen aldetik, ezta zuzendaritzatik ere. Daukaguna motibazioa da, ikaragarria. Ikusten ari gara egindako ahalegina bere fruituak ematen ari dela eta oso motibatuta gaude bizitzen ari garenarekin. Esan behar da aurten ari garela lorpenez disfrutatzen baina lanean aspaldi hasi ginela, azken hiru urteak daramatzagu norabide berean lanean eta aurten azkenean egindako ahalegin eta esfortzuen saria jasotzen ari gara.

–Gaurko egunera arte, denboraldia ikaragarria da.

–Bai, baina hasi aurretik Leyre Romeroren baja izan genuen eta kolpea izan zen taldearentzat. Hala ere, gurekin sentitu dugu une oro. Denboraldiari dagokionez, eboluzio egokian joan dela esango nuke, lehen itzulian bost puntu galdu genituen baina ibilbide polita egin genuen. Orain, bigarren itzulian ez dugu puntu bat bera ere galdu eta indartsu gaude, mentalki batez ere. Orokorrean erregularrak izaten ari gara emaitzei dagokienez, partiduz partidu goaz, lanean serio ari gara eta asteroko lanari etekina ateratzen ari gara.

–Inoiz taldeak izan duen plantillarik onena da hau?

–Plantillarik onena ez dakit, baina orain oso momentu onean gaude, taldea oso ongi ikusten dut, konfiantzarekin, segurtasunarekin eta ilusioz. Taldea oso gaztea da, gazteak indartsu eta gogotsu etorri dira, lanerako prest. Bestalde, taldean giro oso ona dugu eta horrek asko laguntzen du, gure artean badugu elkarrenganako babes hori eta elkarrengan sinesten dugu, talde bezala konfiantza handia eta hori mugarrietako bat izaten ari da.

–Nola definituko zenituzke zuen ezaugarriak?

–Bi atal bereizi nahiko nituzke. Batetik, jokoari dagokionez, gure gakoak ongi markatuta ditugu, defentsa da gure mugarri nagusia, guk markagailu baxuetara jokatzen dugu, sartu ez diezaguten jokatzen dugu, defentsa eta porteria dira gure arma nagusiak. Izan ere, ligan gol gutxien jaso duen taldea gara, eta hori da gure jokoa (337 gol jaso ditugu eta gol gutxien jaso dituen hurrengo taldea Bera Bera da 385ekin). Bestetik, bada beste gako garrantzitsu bat, aurtengo denboraldian azaleratzen ari dena, eta zera da, jokotik at, taldearen segurtasuna nabarmendu nahiko nuke, taldeak bere buruarekiko erakusten duen konfiantza, borrokatzeko grina, indarra, irrika… Gure buruan sinesten ikasi dugu eta horrek indar handia eman digula esango nuke, gure arma bilakatu dela.

–Etxetik kanpo dena ari zarete irabazten. Zergatik?

–Aipatu bezala, gure buruan sineste horrek ematen digu indarra, gai gara markagailua iraultzeko (Barakaldon, adibidez, 7-3tik 7-8ra pasatu ginen, 10 minututan 0-5eko partziala), estu joan zaizkigun partiduetan ere ez dugu etsi azken minutuetan eta batik bat, gure buruarekiko segurtasun hori garatu dugulako. Joko aldetik, gure izaeraren marka uzten ari gara, defentsan serio lanean eta ezer ez dugu oparitzen.

–Zilarrezko ligara igotzearekin amesten duzue?

–Ez dugu zilarrezko ligara igotzea helburu gisa jarrita, gure nahia denboraldi txukun bat egitea zen, zertarako gai garen erakutsi, egindako lanaren eta ahaleginaren emaitza ikusi. Hala ere, helburuei dagokienez, zilarrezko ligara igotzea ez, baina ligako txapeldun izatea esan daiteke helburu gisa jarri geniola gure buruari. Ez presio bezala, baizik eta gai garela uste dugulako eta helburu erakargarria delako.

–Zer beharko da azken tarte honetan hori lortzeko?

–Orain arte egindakoa egiten jarraitu behar dugu, gure lanean serio eta erlaxatu gabe. 5 partidu gelditzen zaizkigu eta orain arte bezala, dena emateko prest eta gogotsu gaude eta ez dugu besterik egin behar, orain arte bezala, partidu bakoitza azken segundora arte borrokatu eta gure jokoarekin disfrutatzen jarraitu.

–Klubeko zuzendaritzak zer transmititzen dizue?

–Egiten ari garen denboraldiaz eta bilakaeraz pozik eta harro daudela transmititzen digute eta haiengandik babesa jaso dugu behar izan dugunean.

–Eta entrenatzaileak?

–Konfiantza eta babesa jasotzen duge. Hasieratik sinetsi dute taldean, gure ahalmenetan. Gure amets horiek egi bihurtzeko prestutasun osoa dutela erakutsi dute eta eskertzekoa da. Talde bat gara, eta elkartasun hori gure ezaugarrietako bat dela esango nuke.

–Hitz batean, taldea definitu.

–Zaila egiten zait, adjektibo ugari datozkit burura, baina honela laburbilduko nuke: dena emateko prest, motibatuta, indartsu, lanerako prest, ilusioz, irrikaz, borrokatzeko grinez eta disfrutatzen.

–Zein da gerra-oihua?

–Ez gara bereziki originalak… 1, 2, 3, Ereintza! kar-kar. Denboraldi hasieran atera zen gerra-oihua aldatzearen gaia, baina ez, azkenean bere horretan utzi genuen eta ongi joan zaigu, beraz, horrekin jarraituko dugu, kar-kar.

–Egiaren aurka duzue asteburu honetan. Nolako partida espero duzu?

–Sailkapenari dagokionez, errazagoa izan daitekela iruditu arren, ezin gara erlaxatu. Egiaren aurka beti da derbi antzeko bat eta haien zelaian inoiz ez da erraza, beraz, lana gogor egin beharko dugu bi puntuak etxera ekarri nahi baditugu, baina horretarako prest gaude, beraz, gure aldetik dena emango dugu, orain arteko partiduetan bezala.

–Hurrengo urtean jarraitzeko asmoa daukazu?

–Bai, zalantzarik gabe. Taldeko ia zaharrena naiz baina oraindik oso gogotsu nago eta aurten bereziki ikaragarri disfrutatzen ari naiz, eta ez emaitzengatik bakarrik. Taldean giro ona dago, entrenamenduetan serio ari gara lanean eta horri etekina ateratzen ari gara, azken urteetako ahaleginaren emaitza jasotzen ari gara, taldearen ahalduntze bat bizitzen ari gara, talde gisa sendotzen, segurtasuna eta konfiantza irabaziz… egia esan, gozada bat izaten ari da.

–Gaur zure azken eguna izango balitz, zer esango zenioke klubari?

–Eskerrak emango nizkioke bertan bizi izan dudan guztiagatik, pertsona bezala, eskubaloia bezalako talde kirol batean parte izateak asko eman dit eta hezten ere lagundu dit, asko ikasi dut Ereintzan. Gaur ez da azken eguna, baina azken egun horretan badakit harro esango dudala Ereintzako kide izan naizela.

Fuente: https://diariovasco.com/oarsoaldea/errenteria/gure-buruan-sinesten-ikasi-dugu-eta-indarra-20230310210853-nt.html

Sé el primero en responder

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *